viernes, 21 de diciembre de 2018

Urte berri bati begira

   Abian amaitzen ari da beste urte bat eta aurrean dator berria. Ba dira 2018 urtean zehar bizi izan ditugun gertaera latzak eta baita onak ere. Ba dakit guztiak gogoratu behar ditugula, baina une batez eta baikortasunaren untzi barrenean emaitza positiboa lortu duten jarduerek gogoz gogora ditzagun.

   Euskarak eta bereziki euskal kulturak goi mailan aritu dira eta nahiz eta kasu askotan pertsonai edota erakunde bati lotua, uste dut aurten giza multzoaren garrantzi esanguratsua sendo agertu da. Esperientziak esaten digu jende askoren partaidetza oihu zabalagoa izaten duela nahiz eta giza bakar batzuen betekizuna ahantzezina dela. Hemen ere oreka bultzatzeak guztion mesedetan etorriko zaigu.

    Lagun margolari batek esaten zidan berak natura pintatzen zuenean zuhaitzak, harriak, belardiak personak balira tratatzen zituela. Bakoitzari kode berezi baten arabera margo mota bat ezartzen ziola eta prozesu honi esker kuadroak gauzatzen dihardu. Egia esan, harrituta nauka bere lanak ikusteko aukera dudan bakoitzean. Artista bat da eta margoek oso landuak dira. Dena den oraindik ez naiz ausartu ene erretrato bat eskatzeko, batez ere dakidalako modeloa baino emaitza hobeago bat lortuko duelako.

   Lantzean behin, neoprenoz jantzita doazen gazteak hondartzan ikusten ditut, hau da olatuen gainetik dabiltzaten surflari trebeak. Hauek ere naturarekiko harreman bat dute nahiz eta ene lagun margolariarena ezberdina izan. Baina hi, ze artea, olatua sortzen hasi orduko, tente dira bere gainean orekari eta hezatasunari so eginez. Aurrera mutilak!